Mendi Tour Film Festival

  • The Search for the Wooo, 11 min.
    Wooo fikziozko sinbolizazio bat da, eremu berrietan esploratzeak eragiten duen zirrara eta dibertsioaren adiera bat. David Lama eskalatzaile eta alpinista ezagunak eta bere lagunek mendiak alde batera utzi eta surfa eta psicobloc-a egingo dituzte Eskozian. Film labur originala, dibertigarria eta psikodelikoa… Kepa Acero surflari ezaguna ere tarteko dela.  Trailerra
  • RJ Ripper, 20 min.
    Gainerako neska-mutikoak ikasten zeuden bitartean, Rajesh Magar bizikletekin ametsetan ibiltzen zen. Egoera ekonomikoa zela eta, ezin zuenez bat erosi, berak egin zuen, bere kabuz, mendiko bizikleta bat. Pedalei eragiten hasi bazen hasi, gogo horri eta bere berezko talentuari esker, mendiko bizikleta gidari lanetan hasi zen profesionalen ondoan. Gaur egun, Nepaleko txapelduna da eta norberaren pasioari tinko eutsi behar zaiola erakusten duen adibide argia, pasio hori iritsiezina begitandu arren. Trailerra
  • Liv along the Way, 23 min.
    Liv Sansoz, artean gaztetxoa zela, Mont Blanc gailurra lehen aldiz jotzeaz batera mendiari loturik biziko zela ohartu zen. Birritan izan da kirol eskaladako munduko txapeldun, eta eskalada mistoan, mendiko eskian eta BASE jauzian ere nabarmendu da. Berrogei urterekin, Liv berebiziko erronka bati ekitekotan da: Alpeetako 4.000 metrotik gorako 82 gailurrak urte bakar batean eskalatzea. Trailerra
  • Age of Ondra, 47 min.
    2017an, 9c zailtasuneko Silence bidea eskalatu zuen Norvegian Adam Ondrak. Gradu horretako lehena eta, oraingoz, bakarra munduan. Hura egin ostetik, bere urratsei jarraituko diegu Txekiar Errepublikako etxetik hasita eta Europan eta Ipar Amerikan barna: nola ari den entrenatzeko metodo berritzaileak sortzen eta baliatzen, punta-puntako zer bide eta eskalada burutu dituen, edota 9c bat lehen saiakeran eskalatzeko lehena izan nahi horretan zer ahalegin egiten ari den. Hortaz, eskaladan giza ahalmena noraino irits daitekeen esploratzen ari da.

Sarrerak: 3 € saioko, 5 € bi egun. Sarrerak aldez aurretik kiroldegian, eta egunean bertan lehiatilan.