Bilbao Mendi Film Festival-eko laburmetraiak

Bilboko Mendi Film Festival-eko laburmetraiak bi egunetan eskainiko dira gaur eta martxoaren 7an.

Gaurko emanaldiak honako hauek izango dira:

  • E.B.C. 5300 m (15): 2016. urtean Film Labur Onenaren saria jaso du. Everesteko oinarriko kanpalekua urtero bi hilabetean muntatu eta desmuntatzen da. Gidariak, sukaldariak, gonbidatuak… batuz, 1000 bat lagun bildu daitezke bertan. Oinarriko kanpalekuko bizitza erakusten du film honek, eta turismo mota hori kontrolatzeko premiaz hausnarketa eragin nahi du.. Trailerra.
  • The Trail to Kazbegi (15´-  Hizkuntza: ingelesa/georgiera. Azpitituluak: gaztelera): Lau abenturazale munduko mendilerro basatienetako batean murgiltzear juxtuko osagarriekin: bakoitzak norbere bizikleta eta 10 egunez bizirauteko adina janari. Zer gerta liteke? Bide horretan betiereko adiskidetasun loturak sortuko dira, eta argi geratuko da bizitza, mendian, beste edonon baino hobea dela. Fitxa.
  • The important places (9´ Hizkuntza: ingelesa. Azpitituluak: euskara): 2016. urtean Gidoi Onenaren saria jaso du. Grand Canyon jaistera eramango du 77 urteko Doug Woodwardek haren seme Forest. Duela 43 urte Dougek etxean eraikitako kayak batean jaitsi zuen Colorado ibaia, eta harrez gero ez zen bertara itzuli. Forestek era askotako erantzunak aurkituko ditu: familiari buruzkoak, eta geure memoria osatzen duten paisaiei buruzkoak. Fitxa.
  • Dodo´s delight (28´- Hizkuntza: ingelesa. Azpitituluak: euskara): 2016. urteko Kirola eta Abentura film onenaren saria jaso du. Sean Villanueva, Nico Favresse, Olivier Favresse eta Ben Ditto sekula egin duten espediziorik handienean murgilduko dira Groenlandiako eta Baffin irlako hormen bila. Dodo Delight itsasontzia dute garraiobide eta bizileku. Itsas astinduak, jausten diren haitzak eta izozteko moduko tenperaturekin abenturazale banda xelebre honek eskalada bide berriak zabalduko ditu, haien bizitzako unerik onenak biziz aldi berean. Trailerra.
  • Solo base (37´- Hizkuntza: gaztelera. Azpitituluak: ingelesa): David Fusté eta Turko eskalatzaileek hegan egitea dute amets, eta hori gauzatze aldera BASE jauzilari bihurtuko dira, paraxuta dutelarik segurtasunerako tresna bakar. Davidek natura eta animaliekiko duen errespetua ere agertzen du, inguruan duenaren parte izanez antolatuz bere bizimodua. Trailerra.

Prezioa: 3 € eta bi egunetarako sarrera hartuz gero 5 €
Sarrerak salgai: Aldez aurretik kiroldegian eta egunean bertan Zaldibar antzokian